Ikerketako, Teknologia Garapeneko eta Demostrazioko Esparru Programa I+G finantzatzeko tresna nagusia da Europan, eta Lisboako estrategian eta Europako Ikerketa Esparruan kokatzen da. VII. EPak 2007-2013 aldia hartzen du, eta lehiakortasuna hobetzea da haren helburu nagusia, batik bat ikerketako, garapen teknologikoko, demostrazioko eta berrikuntzako jarduketak finantzatzearen bidez. Jarduketa horiek Europar Batasuneko, estatu elkartuetako edo beste herrialde batzuetako ikerketako erakunde eta enpresen artean egingo dira.
VII. EP lau programa handitan egituratzen da; hona hemen: lankidetza, ideiak, pertsonak eta gaitasunak.
50,521 bilioi euroko osoko aurrekontua du zazpi urterako. Horrez gainera, EURATOM programarako -bost urteko iraupena du- 2,7 bilioi euro erabiliko dira.
Programari buruzko informazio orokorra:
Esparru-programan parte hartzeko deialdiak urtean behin edo bitan egiten dira. Partaideek, oro har, proiektuetan egindako jardueren kostu errealen % 50 jasotzen dute. ETEek eta ikertzaileek -teknologia-zentroak barne hartuta- % 75 jasotzen dute, kontratua izenpetzean ematen den aurrerakinaz gain.
Lankidetza-programa lehentasunezko hamar eremutan dago banaturik. ETEek aukera dute programa horretan parte hartzeko. Horretarako, proiektuak aurkeztu behar dituzte, Europako beste ikerketa-enpresa eta -entitate batzuekin lankidetzan. Proiektuaren osoko kostuaren % 75eko diru-laguntza eskuratu dezakete. CORDISen Batzordeko informazio-zerbitzuan proiektuetarako bazkideak bilatzeko zerbitzua jarri dute martxan.
ETEen onurarako ikerketa
Europan, enpresa-ehunaren % 99 osatzen dute ETEek, eta sektore pribatuak enpleguaren eta berrikuntzaren ekonomiari egiten dion ekarpenaren funtsezko osagaia dira.
VII. Esparru Programan, ETEen parte-hartze aktiboa oinarrizko printzipioa da. Horrela, bada, lankidetza-programako gaietan ETEei % 15eko gutxieneko aurrekontua esleitzea hartzen da helburutzat. Horrez gainera, ETEen partaidetza sustatu eta errazteko mekanismo eta tresnak aurreikusten dira.
Gainera, Gaitasunen programaren barruan, ETEen onurarako ikerketa [es] jorratzen duen alor espezifikoa dago. Alor horren barruan, zientziaren eta teknologien eremu osoa sartzen da, eta ikertzeko gaitasun mugatua duten enpresak dira balizko hartzaileak. Bi tresna-mota daude:
- ETEen onurarako ikerketa-proiektuak (CRAFT - VI. Esparru Programako Ikerketa Kooperatiboko eskemaren jarraipena).
- ETEen elkarteen onurarako ikerketa-proiektuak (VI. Esparru Programan Ikerketa Kolektiboa deritzenak). Irismen handiagoa dute eta industria alorreko ETEen elkarteek eta taldeek zuzentzen dituzte, nork bere enpresa-taldea ordezkatuz.
Bi kasu horietan, I+G hirugarren batzuen esku uzten da, eta ETEak dira ikerketen emaitzen onura jasotzen dutenak. Proiektuaren osoko gastuaren % 75era arte finantzatuko da.
ETEen Zuzendaritza Nagusia harremanetarako puntu nazionala da ETEentzako VII. Esparru Programan. Horren ondorioz, ETEak laguntzeko eta aholkatzeko lanak egiten ditu Zuzendaritzak, ETEen partaidetza egokia izan dadin Europako programa horretan. Kontsultak 900 19 00 92 telefono-zenbakian egin daitezke edo helbide elektroniko honetan: infopyme@ipyme.org